Aita Menni klinikan arreta egokia bermatzeko neurriak eskatu dizkio ELAk gobernuari

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 23a, 12:45
Aita Menni klinika. (ELA sindikatua)

Sindikatuak salatu du zentroko hoegi profesional joan egin direla azken urtean, prekarietatearen eta pandemiaren ondorioz.

ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio "erantzukizuna bere gain har dezala eta premiazko neurriak har ditzala Iruñeko Aita Menni Klinikan arreta ahalik eta onena bermatzeko”. Izan ere, “haren aurrekontua funts publikoetatik, ANAPetik eta Osasunbidetik dator neurri handi batean”.

Sindikatuak adierazi duenez, azken urtean hogei profesional baino gehiago joan dira erizainen eta laguntzaileen artean, “pandemiarekin batera zuzendaritzak ezarri duen lan prekarietatearen ondorioz”: “Egoera jasanezina da langileentzat". Gainera, gogorarazi duenez, langileek "bi urte baino gehiago” daramatzate hitzarmenik gabe eta erosteko ahalmena galtzen.

"Egoera horren aurrean, zuzendaritzaren erantzuna esperientziarik gabeko pertsonak kontratatzea da, baita prestakuntza espezifikorik ez duten langileekin alde egin duten profesionalak ordezkatzea ere. Horrez gain, txandak, oporrak eta ordutegiak aldatu dira", kritikatu du sindikatuak."Baina kudeaketa hau ez da egoera konpontzen ari, azken egunotan langile faltagatik txandak bete gabe geratu baitira", azpimarratu du ohar batean.

ELAk, enpresako zuzendaritzarekin "konponbideak eskatzeko" biltzeaz gain, lan ikuskaritzaren aurrean salaketak jarri ditu bere ordezkarien bitartez. Era berean, mobilizazioak hasi ditu gainerako enpresa batzordeekin, langileen lan baldintzak hobetzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!