Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktore gipuzkoarrek Loosers izeneko antzezlana eramango dute gaur Noaingo kultur etxera. Krisi esistentziala bizitzen ari diren Sandra eta Manuel pertsonaien istorioa kontatzen du lanak.
Sandrak eta Manuelek 40 urte inguru dituzte, eta gizakiek tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe. Horregatik, euren buruak galtzailetzat dituzte: looser-tzat. Aldatzeko esperantza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izango ez balute bezala.
Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin. Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antza bizi dira, baina pozik bizi nahi dute.
Umorea, sendagai
Umorea da antzezlanaren oinarria: bizitzari umorez eta poztasunez aurre egitea da pertsonaien helburua. Eta, hain zuzen ere, umoreak egungo garaian garrantzi berezia duela azpimarratzen dute Plazaola eta Garmendia aktoreek: sendagai eta ihesbide dela.
Gaur taularatuko duzue antzezlana, Noaingo kultur etxean, arratsaldeko 19:15ean.