Urriaren 30ean jokatuko da 2020ko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, Etxarri Aranazen

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 22a, 15:03

14 eta 18 urte bitarteko zortzi bertsolari gaztek hartuko dute parte urriaren 30ean Etxarri Aranazen jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 34. edizioan. Etxarri Aranazko Kultur Etxean izanen da saioa, 18:30etik aurrera, doako sarrerarekin. Aretoaren edukiera %30ekoa izanen da, osasun neurriak bermatuz.

Ainhoa Arrizabalaga (Iruñea), Amaia Lasheras (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Ekhiñe Zapiain (Bera), Eki Mateorena (Leitza), Etxahun Azkarraga (Etxalar) eta Lide Arrieta (Iruñea) izanen dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 34.edizioan parte hartuko duten zortzi bertsolariak. 

Maider Ansak aurkeztuko du saioa, eta Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Nerea Bruño izanen dira saioko epaileak. 

Txapelketak bi fase izanen ditu: 

Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: 

  • Gai orokorra emanda, 5 puntuko bertso bana osatu.
  • Lau oinak emanda bertso bana osatu
  • Bukaera emanda bertso bana osatu.
  • Hitza gaitzat hartua bertso bana osatu. 
     

Hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera, eta honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana:

  • Zortziko handian, ofizioka, bina bertso.
  • Kartzelako lana: Puntu bati erantzunez bertso bat eta gaia emanda bertso bat.

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 18:30ean hasiko da Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Sarrera doakoa izanen da, eta nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz erreserbatu ahalko da. Aretoaren edukiera %30ekoa izanen da, eta osasun neurriak errespetatzen direla bermatuko da saio guztian zehar. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!