Sustrai Erakuntza: "Remirezek gezurra esan du eta Esaren segurtasunari buruzko datuak manipulatu ditu"

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 22a, 11:21

Esako urtegia, artxiboko irudi batean.

Esako urtegiaren arriskuen aurrean “gaitasun eza eta arduragabekeria” egotzi dio Sustrai Erakuntza fundazioak Javier Remirez kontseilariari.

Sustrai Erakuntza fundazioak ohar batean azaldu duenez, "gutxienez duela zazpi urte egiaztatu zen Esan segurtasunik ez zegoela", eta hainbat agentek —Ebroko Ur Konfederazioak, Zangozako Udalak, Uraren Kultura Berria Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak— egindako txostenek "eskuineko hegala oreka hertsian" dagoela egiaztatu dute. "Horrek esan nahi du mendi magala eraistea eragiten duten indarrak eta hari eusten diotenak berdinak direla".

Egoera horretan, Javier Remirez lehen presidenteorde eta Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilariari "gezurrak esatea eta datuak manipulatzea" leporatu dio taldeak, Esako urtegiaren segurtasunari eta "2020ko krisi sismikoari" dagokionez.

Erakundeak azpimarratu duenez, egoera hori "2013tik aurrera gertatu izan da, urte horretan mendi magala hautsi baitzen eta bi urbanizazio hustu behar izan baitzituzten". "Ordutik, mugimendu aldakorreko egoeran dago, haustura berriak izan dira, eta segurtasunerako marjinarik ez dago”. Taldeak azpimarratu dueneez, hori "bateraezina da natura eta giza ingurunearen segurtasuna zaindu nahi duen edozein arautegirekin”.

Bestalde, azken bi hilabeteetan parekorik gabeko krisi sismikoa izan dela azaldu du: 62 lurrikara sentituta, 638 gertakarirekin, 1612tik ezagutzen den historia sismiko guztiaren %10 baino gehiago. “Eraginaren ezohiko maila kontuan hartuta, beharrezkoa da gure erakundeek Nafarroako arrisku sismikoaren aurkako babes zibileko plan berezia (SISNA) berrikustea eta eguneratzea", aldarrikatu du taldeak.

Plan hori “ez da eguneratu 2011tik, nahiz eta Nafarroan hain denbora gutxian izandako lurrikaren eta mugimendu sismikoen kontzentrazio historiko handiena bizi izan dugun (2013, 2017 eta 2020ko lohiak)".

Egoera horretan, Sustrai Erakuntzak kritikatu egin du Remirezek esan izana lurrikaren aurkako plana “eguneratua” dagoela. 

Hori dela eta, taldearen hitzetan, “kontseilariak agerikoa ukatzeak, eta haren gaitasunik ezak eta arduragabekeriak Nafarroako herritarren segurtasuna arriskuan jartzen du". “Gezurrak eta manipulazioak" erabiltzea leporatu dio Ramirezi, “eraginkortasun eza estaltzeko, Esa handitzen ari diren enpresa korporazio handien interesak bultzatzeko, pertsonen bizitzaren eta lasaitasunaren kaltetan".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!