Neurri zorrotzagoak eskatu dituzte PSNk ez beste alderdi guztiek

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 19a, 14:36

Mahai eta eledunen batzarrean Covid-19aren krisia izan da hizketa gai nagusia. Navarra Sumak “porrot” gisa hartu du gobernuaren kudeaketa, eta gainontzeko taldeak neurri zorrotzagoak babesteko prest azaldu dira.

Oposizioko taldeen artean, Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunak eskaera argia egin dio gobernuari: "Neurri gehiago hartu behar badira, eta atzera egin behar bada, zalantzarik ez izateko". Horrekin batera,  baliabide gehiago eskatu ditu.

Izquierda-Ezkerrak eta Ahal Duguk, bestalde, sostengua erakutsi diote gobernuari, eta antzeko ildotik jo dute. Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramailearentzat gobernua koherentziaz jokatzen ari da, eta horrela jarraitzen badu, neurri gehiago hartzea erabakiz gero, bere taldearen babesa izango du. Alderdi morearentzat, aste honetan neurri berriak hartu beharko dira, eta Mikel Buil bozeramaileak, horiek aurrera ateratzeko taldeen arteko batasuna eskatu du.

Pandemiaren kudeaketaren inguruko iritzi gogorrena, beste behin ere, Navarra Sumarena izan da. Jose Suarez parlamentariaren hitzetan, Foru Gobernuren estrategia "porrota" izan da. "Iluntasuna" egotzi dio exekutiboari, gainera: datuak ezkutatzea.

Ramon Alzorriz bozeramaile sozialistak erantzun dio ez dagoela ezkutuko daturik, eta Nafarroaren gardentasuna nabarmentzekoa dela beste erkidego batzuen aurrean.

Hain zuzen ere, erkidego batzuen eta besteen artean datuak emateko orduan dauden aldeak aipatu ditu Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak. Gobernuari galdegin dio Osasun Ministerioari eskatzeko datuak emateko irizpideak uniformeak izan daitezela, Nafarroaren "zorroztasunak" bere irudiari kalte egin ez diezaion. Era berean, datozen egunetan hartzen diren neurriek, osasun jarraibidetan oinarritzeaz gain, beste esparru batzuen interesekin bat egin behar dutela azpimarratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!