Parlamentuak uko egin dio Errege emerituari Nafarroako urrezko domina kentzeari

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 15a, 14:41

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak atzera bota du Izquierda-Ezkerraren mozio bat, Foru Gobernuak Juan Carlos I.ari 1988an emandako Nafarroako urrezko domina kentzea eskatzen zuena. Mozioak Navarra Sumaren eta PSNren kontrako botoa jaso du, eta Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute.

Ezkerrak aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan Juan Carlos I.ari 1988an emandako Nafarroako urrezko domina kentzea eskatzen duen mozioa. Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak adierazi duenez, erregeak "ez du sari hori merezi", eta "ustelkeria eskandalu etengabeek zipriztinduta eta itota dago, ustez larritasun handiko hainbat deliturekin, komisioak milioitan kobratzearekin, kapitalak zuritzearekin eta Espainiako herriaren kontura nazioarteko komisionistarekin lotuta". Navarra Suma eta PSN alderdien aurkako botoekin, baina, ez dute mozioa onatu. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute eta Ahal Duguk zuzenketa bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuak Juan Carlos I.ari emandako Urrezko Domina kentzea eskatzeko, baina ez dute onartu.

Mozioaren aurka, Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariak esan du domina ez ziotela Juan Carlos I.ari eman "bere kirol zaletasunengatik edo kanpandorrea izateagatik, baizik eta estatuburua izateagatik eta Espainiak Siriara edo Errusiara trantsizioa ez bizitzeko funtsezko papera izan zuelako". "Mozioaren alde bozkatzen dutenek obsesio politikoa dute monarkia parlamentarioarekin eta Espainiako sistema konstituzionalarekin", gaineratu du. Ondoren, Iñaki Iriartek ironiaz hitz egin du PSNk bere kontrako botoa justifikatzeko egin beharko lukeen hitzaldiarekin. Hala, PSNko bozeramailea "monarkikoa eta kanpotik arduratsua, baina barrutik errepublikanoa eta errebeldea" izango litzatekeela esan du. "Gozatu ikuskizunaz", adierazi du.

Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak Navarra Sumari erantzun dionez, berak, bozeramaile sozialista den aldetik, alderdiaren "ohorea eta duintasuna defendatzen ditu, 140 urteko historia du herri honetan eskubideak eta askatasunak defendatzen, ez gara inoiz otzanak izan, eta horregatik hil gaituzte, lehen eta orain dela gutxi, eskubideak eta askatasunak hitzarekin defendatzeagatik".

Horren ostean, mozioa hizpide hartuta, Alzorizek Izquierda-Ezkerrako bozeramaileari esan dio "PSNk loriako minutua eman ziola Parlamentuko Erregearen erretratu bat kentzearen alde bozkatzean, baina minutu hori gehiegikeriaz erabili duela". "Zertarako dakar mozio hau? Erregeari Urrezko Domina kentzeko edo Alderdi Sozialistari eraso egiteko?", adierazi du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!