Bidasoko deportatuen inguruko erakusketa bat zabalduko dute bihar, Beran

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 15a, 08:13
Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko Peli Lekuonak eta Aitor Elexpuru Berako alkatea. (erran.eus)

Hendaiatik, Irundik, Bortzirietatik eta Hondarribitik deportatu eta, kasu batzuetan, erail zituzten pertsonek pairatutakoa gogoratzeko eta ezagutarazteko helburua du ‘Bidasoko deportatuak’ erakusketak. Bihartik azaroaren 1era egongo da ikusgai, Berako kultur etxean. 

Naziek atxilotze eta akabatze esparruetara, getoetara eta bortxazko lan faktorietara eraman zituzten milaka pertsonen artean, baziren jatorria Bidasoan zutenak ere. 90 bizilagun inguru deportatu zituzten Hendaiatik, Irundik, Bortzirietatik eta Hondarribitik, eta 29 erail zituzten.

Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Berako Udalaren laguntzarekin antolatutako erakusketaren bitartez, pertsona horiek pairatutakoa azaleratu eta ezagutarazi nahi dute.

Erakusketa antolatu duen elkartearen ustetan, Ipar Euskal Herrian eta Frantziar Estatuan gehiago landu dute deportazioaren gaia; Bidasoko hegoaldean, berriz, ezezagunagoa da. Hala ere, azken urteetan memoria historikoa lantzeko eta gaia argitara ateratzeko ahalegina egiten ari dira.

Erakusketa osatzeko, lan akademikoak erabili dituzte, eta deportatuetako batzuen senideekin ere harremanetan izan dira. 27 panelekin osatu dute, eta ostiralean zabalduko dute, bost terdietan, Berako kultur etxean; ondoren Azken bidaia dokumentala proiektatuko dute eta emanaldia bukatzean Enara Goikoetzea zuzendariarekin solasaldia izango da. Frantxia Alzuet eta Comète Sarearen nondik norakoak azaltzen ditu dokumentalak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!