Aurrekontuak "guztiekin" negoziatuko dituela esan du Txibitek, eta "betoak" gaitzetsi ditu

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 15a, 10:03
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, kazetarien aurrean adierazpenak egiten.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du "alderdi guztiekin" hitz egingo duela 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren inguruan akordioa lortzeko, eta ez dituela ulertzen "alderdi politiko batzuek beste batzuei jarritako beto gurutzatuak".

Gobernuak EH Bildurekin itunik egiten ez badu, aurrekontuak onartzea erraztea eskaini du Navarra Sumak, eta, horren ostean, Txibitek hedabideen aurrean esan du bere jarrera martxotik lantzen ari den "berbera" dela, pandemiaren aurrean foru dekretuak onartuta: "Indar politiko guztiekin hitz egitea".

"Ez dut ulertzen alderdi politikoen arteko beto gurutzatuak hastea. Gobernuaren nahia guztiekin hitz egiten jarraitzea da, eta aurrekontuak aho batez onartzen saiatzea, edo gutxienez aurkako botorik gabe, [pandemia garaiko] zortzi dekretuetatik zazpirekin egin dugun bezala", adierazi du.

Aurrekontuak "garaiz eta behar bezala" onartzea nahi duela esan du, alegia, benduaren 31rako, beranduenez. Navarra Suma eta EH Bildurekin izan dituen bileren inguruan, Txibitek esan du mahai gainean jarri dizkieten “hainbat dokumentu eta proposamen aztertuko” dituztela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!