Zazpi egunez itxiko dituzte Zarrakaztelu eta Cadreita

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 14a, 13:48

Nafarroak 378 kasu erregistratu ditu, eta positibotasuna %12,5ekoa da.

Zazpi egunez itxiko dituzte Zarrakaztelu eta Cadreitako sarrerak eta irteerak, ezinbesteko arrazoietarako izan ezik. Datozen egunetan baheketa bereziak egingo dituzte bi herrietan, eta zazpi egunen buruan erabakiko dute neurriak luzatu ala ez. Hala iragarri du Santos Indurain Osasun kontseilaria.

Zarrakazteluk azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 4.289 kasuko intzidentzia metatua izan ditu, eta Cadreitak, aldiz, 4.328koa. 

Nafarroako datuei dagokienez, astelehenean erregistratuen antzekoak dira, baina oraindik ere kezkagarriak: 378 positibo berri baieztatu dituzte, egindako 3.013 PCR proben artean, eta positibotasuna %12,5ekoa da. 

Iruñeari dagokionez, 100.000 biztanleko 779 kasu izan dira 14 egunetan. Kontseilariak esan du oso adi daudela adierazleekin, baina ez du zehaztu hiriburua ixtea baloratuko duten ala ez.

Joan den asteko datu orokorrak ere eman dituzte. 2.894 kasu izan ziren Nafarroan, aurrekoan baino %45 gehiago. Indurainen hitzetan, lortutako goi ordokia hautsi egin zen.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Nafarroarekiko gertutasunarekin lotu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izandako kasuen igoera; bada Javier Remirezek adierazi du ez dela egokia erantzukizuna beste erkidego batzuetara eramatea. Testuinguru epidemiologiko honetan, Nafarroako Gobernuak ezarritako neurri murriztaile berriak erabakigarriak izango dira egoerari buelta emateko eta berriro ere goi ordokian kokatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!