Valtierra, Cadreita, Castejon, Cintruenigo, Zarrakaztelu eta Alesbesen neurri murriztaileak hartuko dituzte

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 8a, 20:36

Alesbes

Mugikortasunean eraginik izanen ez duten aparteko neurri sorta bat onartu du Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak  udalekin batera,  birusaren hedapenari eusteko helburuarekin. Urriaren 9ko gauerdian sartuko dira indarrean, 15 egunetarako.

Ordutegien, edukieren eta taldeen pertsona kopuruaren mugak jasotzen dituzte neurriek, baina ez dute mugikortasunaren murrizketarik aurreikusten, Foru Gobernuak ohar batean azaldu duenez.

Udalerri horiek guztiek intzidentzia metatua izan dute azken 14 egunetan, 100.000 biztanleko 1.000 eta 2.600 kasu artekoa, baita azken zazpi egunetan 100.000 biztanleko 500 eta 2.000 kasu arteko intzidentzia metatua ere, eta, oro har, goranzko joera izan dute. Hori dela eta, erabaki hori hartu du Nafarroako Osasun Publiko eta laboraleko Institutuak (ISPLN).

Sei pertsona baino gehiago ezin izanen da bildu, eta sektoreka, ostalaritza-establezimenduek % 50eko edukiera errespetatu beharko dute (barnealdean eta terrazetan), eta gehienez 6 pertsonako taldeak dituzten mahaietan bakarrik erabili ahal izanen dute. Edukiera-muga hori bera izanen da merkataritzarako, azoka txikietarako eta abarretarako, bai eta beste gizarte-ekitaldi batzuetarako ere.

Kirol eta kultur instalazioak eta parke publikoak ere itxiko dira. Era berean, ezkontzak, bataioak eta bestelako ospakizunak egiteko muga gehitu da: 18 pertsona, barruan gertatzen direnean, eta 36 pertsona, kanpoan egiten direnean. Osasun Sailak gomendatzen du ospakizun horiek intimitatean egitea, eta, nolanahi ere, elkarrekin bizi diren familiak bakarrik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!