Altsasuko auzia, telesail batean

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 8a, 11:53

Altsasuko gazteen aldeko iazko manifestazio baten irudia.

Eider Gabilondok zuzentzen du filmaketa prozesuan den proiektua. "Terrorismoaz akusatutako gazteen sentimenduak" ditu ardatz.

Baleuko ekoiztetxeko talde batek euskarazko mini-telesail bat grabatzen ari da Altsasun, duela ia lau urte terrorismoaz akusatutako herriko zortzi gazteen “benetako” istorioetan oinarrituta. 

Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, unean uneko dokumentazio ofiziala eta kronikak dira kontakizunaren bizkarrezurra, baina alderdi ezezagunenetan jartzen du arreta, hala nola gazteen sentimenduetan. Eider Gabilondok zuzentzen du telesailaren ekoizpena. 50 minutuko lau atal izango ditu, Altsasu izenburupean, eta abenduaren 7tik aurrera izango dira ikusgai ETB1en.

Gabilondok azpimarratu duenez, “emozioetatik" kontatutako istorio "korala" da. Horretarako, 18 eta 60 urte bitarteko pertsonei figurante gisa parte hartzeko deia egin diete. 

EITBk eta TV3k parte hartzen duten telesailak "hautsitako bizitza" batzuen borroka kontatzen du, eta gertatutakoaren inguruan ikusleen "hausnarketa" eragin nahi du. 

"Gure historia berrieneko kasu rokanbolesko bat da, irekita jarraitzen duena eta gizarteak haren inguruko azalpenak bilatzen ditu", esan du Gabilondok. "Prozesu judizialen garapena, eta Altsasuko bizilagunen, politikarien, Estatuko Segurtasun Indarren nahiz legelari askoren hitzak izan dira kontuan, baina ez gazteenak", gaineratu du. "Isilune handiak" daudela uste du, adibidez, pertsona horien bizitza nolakoa den. Bere proiektuarekin argitara aterako ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!