Gobernuak 4.464 milioi euroko gastu muga ezarri du 2021erako

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 7a, 14:51

Iaz onartutako gastuaren mugarekin alderatuta aurten 208 milioi gehiago izanen dira.

Nafarroako Gobernuak 4.464,6 milioi euroko gastu ez-finantzarioaren muga ezarri du 2021eko Foru komunitateko Aurrekontu Orokorretarako, 2020ko aurrekontuan aurreikusitakoa baino 208 milioi euro gehiago, hau da, % 4,89ko igoera izan da.

Gastu-sabai horretatik, ia 240 milioi euro Tokiko Ogasunen Funtsari dagozkio, eta 560 milioi Estatuaren Ekarpenari. Administrazioen areko transferentzia horien deskontua eginik, gastu ez-finantzarioaren muga 3.664,6 milioikoa da, 2020an baino 230 milioi gehiago.

Gehikuntza hori baliaturik, Foru Gobernuak asmoa du “Nafarroaren suspertze ekonomikoari bultzada nabarmena emateko, COVID-19ak eragin duen pandemiaren ondoren”. Ekonomia eta Ogasun  kontseilariak, Elma Saizek, Gobernu Bilkuraren ondoko prentsaurrekoan aurkeztu ditu kopuruok, eta adierazi du “Foru Gobernuak 2021eko aurrekontua sendotuko duela, irmo eginik osasungintzaren, hezkuntzaren, gizarte-zerbitzuaren eta bestelako zerbitzu publikoen alde”. Saizen hitzetan, “Nafarroako Gobernuak, bi urtean, 400 milioi eurotik gorako igoera ezarri dio bere aurrekontuen gastu-sabaiari”.

Gaurko Gobernu Bilkuran onetsitako kopurura iristeko hainbat faktore hartu dira kontuan. Horien artean, nabarmentzekoa da Espainiako Gobernuarekin erdietsi den eta Koordinazio Batzordean baietsi den akordioa, 2021ean, defizitari dagokionez, erreferentzia-tasa BPGren %2,2 izan dadin.

Nafarroako Gobernuak darabiltzan makro-kopuruek AIREF entitatearen eta Standard&Poor´s kreditu-kalifikazioko agentziaren oniritzia jaso berri dute, besteak beste. Hain zuzen ere, Standard&Poor´s-ek, bere azken txostenean, aitortu egin du gaur egungo errealitate ekonomikoari aurre egiteko Nafarroak duen ahalmena.

Halaber, Saiz kontseilariak eskaria egin du “Parlamentuko indar guztiek arduraz joka dezaten Nafarroako hurrengo aurrekontuak abiarazteko, erkidegoaren ekonomia suspertzeko motorrik onena izango baitira”.  

Ildo berean, Saizek gogora ekarri du “Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana” martxan jarri dela, “eta haren barnean 2021eko aurrekontu-sailetan jasoko diren hainbat lan-ildo daudela”, adierazi duenez.  

Gaurkoan gastu-sabaia onartu izana bat dator Nafarroako Aurrekontu Orokorrak 2021eko urtarrilaren 1ean onarturik egoteko bete beharreko epeekin. Gaur goizeko Gobernu Bilkuran gehienezko gastuaren muga ezarririk, heldu diren asteetan 2021erako gastu-proposamenak landuko dituzte departamentuek.    

Proposamen horiek jaso eta aztertu ondoren, Nafarroako Gobernuak 2021eko Aurrekontuen aurreproiektua onartuko du, eta Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari, Ingurumen Kontseiluari eta Toki Araubidearen Batzordeari igorriko die, haiek beren txostenak eman ditzaten. Urrats hori eman ondoren, dokumentua Foru Lege proiektu bihurtzea onartuko du Gobernu Bilkurak, eta Nafarroako Parlamentura igorriko du, han eztabaida dadin.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!