Baikoko pilotariek hamabi eguneko greba egingo dute

Baiko enpresako pilotariak, gaur, ELAko egoitzan egindako agerraldian.

Baiko enpresaren “mehatxuak” salatu dituzte, eta “benetako negoziazioa” irekitzeko eskatu diote.

Baiko Kirola enpresako pilotari gehienek hamabi eguneko grebara deitu dute urrian: hilaren 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26an. Euren “lan baldintzak defendatu eta errespetua zein gardentasuna aldarrikatu” nahi dituzte horrela. 

ELA sindikatuaren egoitzan eman duten prentsaurrekoan, Baiko enpresaren “mehatxuak” salatu dituzte, eta “benetako negoziazioak” irekitzea eskatu dute, “kolektibo bezala”.

Hauxe da, pilotariek plazaratu duten oharraren testua:

LANGILEAK GARA

“Duela hilabete batzuk, Baiko Kirola enpresako pilotariok, gure eskubideen defentsaren aldeko lanean, antolatzea erabaki genuen. Lankideak garen heinean, langileok geure artean elkar babesteko eta antolatzen hasteko beharra ikusi genuen, pilotari profesionalon egoera egunetik egunera asko aldatzen ari baita.

Gure kirola asko maite dugu, gustuko dugun kiroletik bizitzeko aukera izatea sekulakoa da guretzat, eta badakigu askok nahiko luketela gure tokia hartzea. Baina, hori guztia horrela izan arren, ez gaude pribilegio horien truke azkenaldian bizitzen ari garen guztia onartzeko prest. Baiko Kirola enpresan bizitzen ari garen egoera jasangaitza bilakatu da, gure ustez ez dugu merezi dugun tratua jasotzen.

Ez dugu enpresarekin gure beharrizanen eta eskakizunen inguruan kolektibo gisa hitz egiteko erarik izan. Enpresak ez du negoziatzeko inongo borondaterik agertu, elkarrizketa kolektiboaren bideari behin eta berriz uko egin baitio. Horren ordez, banan-banan bildu gaituzte eta mehatxuak etengabekoak izan dira. Enpresarekin kolektibo gisa izango dugun lehen bilera datorren astean izango da. Hala ere, bilerarako deialdia jaso dugun egun berean enpresak langileen aurkako kaleratze-mehatxuak egin dizkigu, bilera hori baldintzatzeko asmoz.

Testuinguru honetan, grebara deitzea erabaki dugu Baiko Kirola osatzen dugun pilotarien gehiengo zabal batek. Aurretik egin dugun bezala, enpresari elkarrizketarako deia egiten diogu oraingoan ere. Gure lan baldintzen inguruan hitz egin nahi dugu eta akordiorako borondate osoa daukagu; betiere elkarrizketa hori giro zintzo, garden eta mehatxurik gabeko batean gertatzen bada.

Greba egunak honakoak hauek izango dira: urriak 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26. Bost dira gure aldarrikapen nagusiak: Eskiroz, Victor, Laso eta Mariezkurrena pilotarien kontratuen berritzeen inguruko negoziaketak berrartu eta fede onez eta mehatxu gabe aurrera eramatea; gutxieneko lan baldintzak arautuko dituen enpresa hitzarmen bat lortzea, gaur egun enpresan indarrean dagoen barne-araubidea bertan behera uztea eta pilotariekiko gardentasun ekonomikoa.

Gainera, azken egun hauetan enpresak mehatxupeko berritzeak negoziatu ditu Agirre eta Alberdirekin. Kontratua galtzearekin mehatxatu zaie, %20ko soldata jaitsiera onartu ezean eta enpresa egoera ekonomiko larrian dagoela idatziz onartu ezean. Jokabide hau da, hain zuzen, greba honekin salatu eta konpondu nahi duguna. Onartezina da Baiko Kirola enpresak horrenbeste maite dugun kirol honen baitan jokabide horiek izatea. Pilotari gehienok ez dugu aholkularirik, ez dugu abokaturik, eta orain arte ez gara antolatuta egon. Pilotan jarduteko sekulako ilusioa dugu, eta enpresak egoera hori aprobetxatu du etengabe azken urteetan. Agirre eta Alberdiri gertatutakoa horren adibide argia baino ez da. Argi utzi nahi dugu grebalariok ez dugula %20ko murrizketa onartuko, eta grebaren aldarrikapenetako bat izango dela indibidualki eta mehatxupean inposatutako murrizketak eta sinadurak bertan behera uztea.

Gure ustez, aldarrikapen guzti horiek, zentzuzkoak izateaz gain, egingarriak ere badira. Edozein enpresatan gertatzen den bezala, gure betebeharrak gogoz eta modu onean betetzeko prest gauden langileak gara; baina langileak bezala, eskubideak ere badauzkagu, eta orain eskubide horiek arrisku larrian ikusten ditugu. Gaur egun Baiko Kirola enpresak errespetuz eta duintasunez tratatzen ez gaituela salatu nahi dugu .

Badakigu greba deialdiak bazterrak nahastuko dituela, egun zailak datozkigula, eta ez dela biderik errazena. Baina, zoritxarrez, enpresak bide hau hartzera behartu gaitu, geratzen zaigun azkena eta bakarra baita. Urrian zehar frontoietan pilota partiduetaz gozatu ahal izatea edo ez, enpresaren borondateak baldintzatuko du. Gu negoziatzeko prest gaude, gure borondatea mahai gainean dago lehen egunetik; baina orain enpresari dagokio pausoak ematea”.

Oharraren sinatzaileak:

Asier Agirre Irisarri

Jon Alberdi Gorostidi

Jon Ander Albisu Albizu

Aitor Aranguren Errasti

Andoni Aretxabaleta Aramendi

Axier Arteaga Garaialde

Iñaki Artola Izagirre

Joanes Bakaikoa Satrustegi

Oinatz Bengoetxea Berasategi

Jon Erasun Gorostidi

Mikel Larunbe García del Castillo

Jon Ander Peña Olazabal

Ruben Salaverri

Beñat Urretabizkaia Eizmendi

Ibai Zabala Gandarias