San Adrian konfinatuko du Osasun Departamentuak

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 2a, 07:42
  • Ostiral gauerditik aurrera aparteko neurri murriztaileak ezarriko dituzte herrian. Herriko irteera eta sarrerak mugatuko dituzte, esaterako. 
  • 19 kasu positibo identifikatu dituzte Mutiloako adinekoen egoitza batean.

Nafarroako Gobernuak beste zazpi egun naturalez luzatuko ditu (urriaren 8ra arte, osteguna barne) COVID-19ak eragindako kutsatzeen kurba murrizteko prebentzio-neurriak, irailaren 11n onartutakoak, eta aldaketa batzuk egingo ditu txikizkako saltokietako eta merkataritza-guneetako edukierei dagokienez. Neurri horien luzapena eta aldaketak, COVID-19ari eusteko Nafarroako Gobernuaren estrategia globalaren barruan kokatzen direnak, indarrean sartuko dira gaur gauerditik (urriak 2, ostirala) aurrera.

Gainera, San Adriango Udalarekin lankidetzan, Osasun Departamentuak ezohiko neurri sorta bat onartu du, 6.000 biztanle baino gehiagoko udalerri horretan COVID-19aren  hedapena geldiarazteko. Azken 14 egunetako intzidentzia metatua 1.399 kasukoa da 100.000 biztanleko. Aparteko neurri murriztaile horiek Peralta, Faltzes eta Funes bezalako herrietan azken asteetan aplikatu direnen antzekoak dira.

 Foru Exekutiboak San Adriango udalerrirako hartutako neurriak ostiral gauerdian sartuko dira indarrean (datorren larunbatean, urriaren 3an, 05:00etan), eta ordutegiei, edukierei eta talde bakoitzeko pertsona-kopuruari dagokienez murrizketak izango dituzte, eremu publikokoak (ostalaritza, merkataritza, kirola, kultura, etab.) eta pribatukoak, baina baita mugak ere ezinbesteko joan-etorrietarako erreserbatuta geratzen diren herriko irteeretarako eta sarreretarako. Neurri horiek dagoeneko aplikatu dira beste batzuetan. 

Jarduketak, Osasuneko kontseilariaren foru agindu bidez onartuak, astebete iraungo du hasieran, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera luza daiteke.

Agerraldia, Mutiloako adinekoen egoitza batean

Mutiloako adinekoen egoitza bateko 19 pertsonak positibo eman dute Covid-19n azken orduetan. Horietako hiruk sintomak dituzte, eta beste 16k sintomarik gabeak. Horietako bat ere ez dute ospitaleratu, eta, oraingoz, egoitzan jarraitzen dute, isolatuta, baina dagoeneko hiru pertsona lekualdatzea kudeatzen ari dira, zentroa hobeto sektorizatzeko, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Datozen orduetan 60 egoiliarri eta egoitzako langileei PCR probak egitea ere aurreikusi dute, baina oraingoz ez dago positiborik zaintzaileen artean.

Mutiloako zentroan 167 erabiltzaile daude. Zentroetako agerraldietarako protokoloek ezartzen dutenaren arabera, irteerak eta bisitak etenda geratuko dira normaltasuna berrezarri arte.

Azken astean, egoitza-zentroetan kasu aktiboen kopuruak gora egin du, batez ere duela egun batzuk Villafrancan identifikatutako agerraldiaren ondorioz. Une honetan, Mutiloan atzemandako azkenekoez gain, 88 kasu aktibo daude adienekoen egizetan. Horietako sei erietxeetan daude (aste hasieran baino bat gutxiago); 22, berriz, sintoma-egoitzetan daude, eta 40 ere ez dute sintomarik. Iruñeko eta San Adriango bitarteko baliabideetan 20 pertsona daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!