Amiantoak eragindako heriotzengatik lehen kalte ordaina iritsi da Lesakako Laminaciones lantegira

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 30a, 07:06

LABek deitutako elkarretaratzea, atzo, Nafarroako Justizia Jauregian (LAB Nafarroa)

Amiantoaren ondorioz hildako langile baten familiak akordioa lortu zuen atzo, epaitegietara sartu aurretik, kalte ordainak jasotzeko. LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean.

Amiantoarena aspaldiko kontua da baina orain iristen ari dira ondorioak eta epaiketak. Teo Vila Lesakako Arcelorko lantokian lan egiten zuen, lehen Laminaciones Lesaka zen enpresan. Mantenimendu lanak egiten zituen eta mesotelioma bat aurkitu zioten, amiantoa arnastu izanaren ondorioz sorturikoa. 

Diagnostikoa jaso eta hilabetera hil egin zen. Bere alargunak enpresaren kontrako borroka abiatu zuen, ardurak onar zitzan. Bide luzea egin behar izan du, batez ere Laminaciones Lesaka enpresa ez baitzen amiantoarekin lan egindako enpresen zerrendan. 

Atzo, epaitegietara sartu aurretik akordioa lortu zuten azkenean, langilearen alargunak eta alabak kalte ordainak jaso ditzaten. 

Baina bidea ez da hor gelditu eta segurtasun neurririk ez hartzeagatik ere, Arcelor enpresa epaitua izan dadila eskatzen du familiak. Teo Vilaren kasuak gainera, atea ireki du, Laminaciones Lesaka enpresako langile eta langile ohien egoera aztertzeko eta, amiantoarkein kontaktuan izan badira, neurriak hartzeko. 

LAB sindikatuak atzo elkarretaratzea egin zuen Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean, Amiantoa hiltzailea zioen pankartaren atzean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!