Trenasako batzordeak lantegiaren itxiera saihesteko “inplikazioa” eskatu dio gobernuari

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 30a, 08:00

CCOO eta USO sindikatuek ziurtatu duenez, lantegiak hurrengo bi urteetarako proiektuak zituela esan zien zuzendaritzak.

CCOOko bi ordezkarik eta USOko ordezkari batek osatutako Trenasako batzordeak Castejongo 110 langile dituen lantegia ez ixteko eskatu zion atzo Nafarroako Gobernuari.

Sindikatuetako ordezkariek mezu hori helarazi zieten Maria Txibite presidenteari eta Manu Aierdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontserilariari, atzo arratsaldean izandako bileran.

Enpresa batzordeak ziurtatu duenez, lantegiak hurrengo bi urteetarako proiektuak zituela esan zien zuzendaritzak. Horregatik, egoera “iraultzeko” lan egiteko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari.

Halaber, Sodenak Vectian izan duen parte-hartzeari buruzko informazioa eskatu zioten gobernuari, eta ibilgailu elektrikoek Polonian amaitzeko ekimenak izan duen bilakaerari buruzkoa.

Duela bi urte Sodenak bat egin zuen CAFek sustatutako Vectiako proiektuarekin, Castejongo Trenasako instalazioetan mugikortasun elektrikoa sustatzeko. Hasiera batean, Trenasako langileek zuzeneko eskulana emango zioten mota horretako ibilgailuen ekoizpenari. Baina hori guztia aldatu egin zen iaz Vectia CAFek erositako Solaris enpresa poloniarrean sartu zela iragarri zenean.

Ostiralean, zuzendaritzak eta batzordeak enplegua erregulatzeko espedientearen negoziazio mahaia osatuko dute, 110 langileak kaleratzeko, eta egun horretan bertan greba mugagabea hasiko dute, erabakia salatzeko. Ordura arte ez dute itxieraren aurkako mobilizaziorik antolatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!