Urtero, gripearen birusak 15.000 kasu baino gehiago, 500 ospitaleratze eta baieztatuako 20 bat hildako eragiten ditu Nafarroan. Horrenbestez, Santos Indurain kontseilariak azpimarratu du txertaketa kanpaina on bat erabakigarria izan daitekeela egungo testuinguruan. Aurelio Barricarte Gaixotasun Kutsakorren Ataleko buruak adierazi duenez, covid-19aren eta gripearen infekzio bikoitz batek heriotza arriskua bikoiztu egingo luke, eta, beraz, kanpainaren helburua argia da: heriotza tasa murriztea.
Aurten, txertoen kopurua bikoiztu egingo dute, 270.000 dosirekin. Horretarako, Nafarroak nabarmen handitu du erosketa, eta Estatuko administraziotik ere jaso du. Eskaria biderazteko, lehen mailako arretatik hiru bide ezarri dituzte hitzorduetarako. Hala, bi telefono izango dira Iruñerrian eta Tuteran, eta Nafarroako gainerako tokietan osasun zentroaren bidez emango dira hitzorduak. Horretaz gain, sarbide digitala egongo da, citasalud.navarra.es webgunearen bitartez.
Aurtengo helburu espezifikoak handikoiak izango dira: txertoa jar dezatela 60 urtetik gorako pertsonen 75ek; transimisio-arriskua duten pertsonen %75ek, batez ere osasun-langileek; eta haurdun daudenen edo arrisku-baldintzak dituzten pertsonen %60k.
Gripearen birusaren aurkako txertaketa kanpaina bakuna antineumokozikoa eta tetanos-difteriaren oroitzapena jartzeko ere baliatuko dute.