Txibite: "Nafarroako egoera kontrolpean dago; ezin da Madrilgoarekin alderatu"

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 29a, 10:18

Maria Txibite presidenteak esan du foru erkidegoak Covid-19ren "kasu asko" dituela, baina egoera kontrolatuta dagoela. Azkoiengo konfinamendua "ziurrenik" luzatuko dutela aurreratu du.

Enpresa gosari baten aurretik komunikabideei emandako adierazpenetan, Maria Txibite Nafarroako presidenteak argi utzi nahi izan du Nafarroako egoera ezin dela Madrilgoarekin alderatu: "Guk egunero ematen dugu kasu guztien berri, ez dugu han duten ospitale okupazioaren tasa, miaketa probetan estatuko batez bestekoaren bikoitza egiten dugu, eta positibotasun tasa nahiko kontrolatua dugu, batez bestekoaren azpitik". Ondorioz, positibo asko izan arren, "egoera kontrolpean" dagoela eta beharrezko neurriak hartzeko arazorik ez dutela adierazi du.

Txibitek baztertu egin du konfinamendu orokortu bat, eta, azken asteetan igoera kezkagarria izan bada ere, laster hobera egingo duela uste duela adierazi du, bertan behera gelditutako jaien egunak amaituko baitira.

Aurretik Azkoienekin egin bezala astelehenean gobernuak Funes eta Faltzes udalerriak mugatzea erabaki ostean, Azkoiengo konfinamendua "ziurrenik" luzatu beharko dutela esan du, nahiz eta "beheranzko joera" ikusten ari diren. "Hiru udalerriak oinarrizko eremu berekoak dira eta eragin argia dagoela ikusten ari gara", azaldu du.

Bertan behera utzitako jaien eragina

Neurri horiek udalerri gehiagotara zabaltzeko aukerari buruz, presidenteak esan du jarraipena egiten ari direla, eta pandemiaren bilakaeraren arabera hartzen dituztela erabakiak. "Badira beste herri batzuk kezkatzen gaituztenak, eta ikusiko dugu nola eboluzionatzen duten astean zehar, eta hazkunde arazoak daudela ikusten badugu, erabakiak hartuko ditugu, beti ere udalen laguntzarekin”.

Neurri berriak zein udalerritan har daitezkeen zehaztu gabe, Txibitek esan du bertan behera utzitako jaietako egunek beste udalerri batzuei eragin dietela. "Datuak egunez egun ikusi eta monitorizatu nahi ditugu, eta ikusiko dugu astean zehar beste erabaki batzuk hartu behar ditugun. Espero dezagun ezetz ".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!