Bi urteurren garrantzitsu ospatzen ari dira liburutegiak. Batetik, 150 bete dira Iruñeko Bigarren Hezkuntzako Institutu Probintzialean Nafarroako Liburutegia zabaldu zutenetik, beste bi egoitza izan ondoren Mendebaldean finkatu zena. Bestetik, 70 urte igaro dira egun 93 kide dituen Liburutegi Publikoen Sarea sortu zutenetik, lehenengo liburutegiak Altsasun eta Miranda Argan izan zituena.
Ospakizuneko proposamen nagusia liburutegien ibilbidea gogoratzeko erakusketa bat izango da. Azarotik aurrera, Nafarroako Liburutegiko hainbat gunetan islatuko dute, modu ludiko eta interaktiboan, historia hori, baina baita liburutegien oraina eta etorkizuna ere.
Erakusketatik haratago, beste hainbat ekitaldi izango dira, liburutegiak zenbait kultur adierazpiderekin lotuko dituztenak. Hasteko, irailaren 29an, Irene Vallejok, El infinito en un junco saiakera arrakastatsuaren egileak, hitzaldi bat emango du Nafarroako Liburutegian, IV. Edizio, liburu eta disko azokaren testuinguruan.
Musikaren arloan, Samuel Dizek La memoria de la melancolia izeneko kontzertua emango du, Maria Teresa Leoni omenaldi gisa. Antzerkia ere izango da: Ventura Ruizek eskainiko du Victor Iriarteren Alan Bennetten Una lectora nada comun lanaren egokitzapen bat. Azkenik, zinema eskaintza ere izango da, liburutegiaren espazioan Nafarroako Filmoteka ere baitago. Hala, bost pelikula proiektatuko dituzte, urriko astearteetan: Ex libris, Farenheit 453, La libreria, La sociedad literaria y el pastel de piel de patata eta La biblioteca de los libros rechazados.
Nafarroako Liburutegiak bere ohiko programazioari berrekin dio jada, ziklo espezializatuekin, irakrule klubekin, liburu aurkezpenekin eta beste hainbat jarduerarekin. Halaber, sareko liburutegiek ere uztailean ekin zieten zerbitzuei normaltasunez, eta herritarrentzako eskaintza hobetzeko lanean ari dira, besteak beste, webgune berriak sortuz.