Udaberrian izan ohi diren azoka guztiak bertan behera gelditu ostean, indar handiz helduko da, udazkenarekin batera, Nafarroako edizio, liburu eta diskoaren azoka. Berritasun handi bat izango du, gainera, aurten, hiru elkartek bat egin dutelako azoka antolatu ahal izateko: editoreen, liburu denden eta liburu zaharraren elkarteek. Hain zuzen, sektorearen alde elkartu izanaren garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek.
Editargi azokak nafarren irakurzaletasuna bultzatzeko eta haien eskaintza osatzeko helburua du, kalitate handiko tituluez goza ahal izan dezaten. Hala, Nafarroako liburugintzaren erakuslehio oparoa eskainiko du, arlo askotako liburuen lagin esanguratsu batekin.
Zehazki, 28 erakustoki eta 21 parte hartzaile zango dira, eta ez hori bakarrik: 41 ekitaldi antolatuko dituzte, tartean hitzaldiak, tailerrak edota mahaiinguruak; horietan, idazle nafar ugarik euren liburuak aurkeztuko dituzte; besteak beste, Peio Monteanok, Miguel Sanchez Ostizek, Patxi Irurtzunek edota Regina Salcedok.
Aurten halako erakuslehio bat eskaini ahal izateak garrantzi berezia du argilaetxe zein liburu dendentzat, udaberriko geldialdiarekin, kolpe latza jasan baitzuten.
Gazteluko plazan egingo dute azoka, eta, zehazki, Carlos III etorbidetik gertu argitaletxeak egongo dira; eta kioskoaren inguruan, berriz, liburu dendak. Mahaietan ez da liburu sinadurarik izango, baina karpa bat jarriko dute, ekitaldietarako eta sinaduretarako. Horrez gain, neurri gehiago ere hartuko dituzte, liburuetaz gozatu ahal izateko, segurtasun osoz.