Unai Lasok ez du Baikon jarraituko

Unai Laso pilotaria. (Baiko Pilota)

Unai Laso pilotari nafarrak ez du Baiko enpresan jarraituko, ez baitu lortu kontratua berritzeko akordiorik enpresarekin.

Biskarreta-Gerendiaineko 23 urteko aurrelaria Baikok azken hilabeteetan izan duen pilotaririk nabarmenena izan da, lau t'erdian hirugarren postua eta binakako finalerdietako ligaxkarako sailkapena lortuta. Atzo enpresak aditzera eman duenez, baina, pilotariak ez du kontratua berritu. Horrela, bideratzetik urrun, Baiko eta bere langile gehienen arteko auzia gero eta gehiago korapilatzen ari dela dirudi.

Unai Lasorekin zuen lotura komunikazio bat ere erregistratu gabe amaitu du Baikok. Atzo, goizeko lehen orduan, enpresak ohar baten bidez jakinarazi zuen pilotariak ez duela berekin jarraituko, eta "egungo egoera ekonomikoari" egotzi dio. Baiko Pilotak deitoratu egin du "gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta" bere zerbitzuak eman ezin izatea, eta ateak zabalik utzi dizkio pilotariari "bien arteko bilera bati, etorkizunean". Pilotariari bere profesionaltasuna eskertu dio eta "onena" opa dio.

Oharrean, Baikok azaldu du pilotariak ez zuela onartu abuztuaren 12an eskainitako kontratu berriaren eskaintza, eta enpresak ere ez zuela ontzat eman pilotariak egindako kontraeskaintza. Lasoren ustez, bere emaitzen arabera, ordainsariak hobetzea merezi zuen. Komunikatuan aditzera ematen denez, Baiko ez da mugitu abuztuaren 12ko hasierako planteamendutik.

Enpresak Lasoren ordezko bat izendatu beharko du Binakako Txapelketako finalerdietarako; Jon Ander Peña aukera bat izan daiteke. Enpresak Eskiroz, Victor eta orain Lasori kontratua ez berritu ondoren, hurrengo egunetan ikusi beharko da zer gertatzen den Jon Mariezkurrenarekin.