Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenean bizi den blokeoa salatu du LAB sindikatua; eta "sektoreko patronalak eta Nafarroako Gobernuak jarrera aldatu eta hitzarmenaren negoziazioa desblokeatu ezean", lanuzteak eginen dituela iragarri du. 2.000 langile deitu ditu mobilizatzera, eta gobernu eta patronalari urriaren 29ra arteko epea ezarri dio jarrera aldatzeko.
"Hamar urte baino gehiago daramatzate soldatak eguneratu gabe, berez prekarioak direlako", azaldu du sindikatuak: "Urte hauetan KPIaren %12ko igoerak eta soldatak izozteak 15.000 euro baino gehiago galtzea ekarri dio langile bakoitzari". 2019ean abiatu zuen sindikatuak negoziazioa ANEIS patronalarekin, Nafarroako Gobernua behatzaile gisa ari da parte hartzen. "Baina Exekutiboa negoziazio honetan jokatzen ari den papera negargarria izaten ari da", ziurtatu du.