Irailaren 26an manifestazioa egingo dute Ernaik eta LABek

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 11a, 12:17
Ernaiko eta LABeko kideak, gaur, manifestazioaren aurkezpenean. (Ernai Nafarroa)

Nafar Lansareren Iturrondo enplegu agentzia integrala okupatu dute hamar minutuz, gazteentzako lan duina bermatzeko politikak eskatzeko. 

Gazteek “borrokan” dutela bidea eta “krisia kapitalak ordain dezala” aldarrikapenak Iturrondo enplegu agentziara eraman dute Ernai gazte antolakundeko eta LAB sindikatuko kideek gaur goizean egindako ekintzan. 

Hamar minutuz izan dira egoitzaren barruan, helburu argi batekin: Nafarroako Gobernua zuzenean interpelatzea, exijitzeko neurri eta politika “eraginkorrak” har ditzala gazteriak Nafarroan lan duina izan dezan. Eskaera horrekin manifestazioa egingo dute, irailaren 26an, eguerdiko 12:00etan, Foruen plazatik abiatuta. Langile guztiei dei egin diete mobilizazioarekin bat egitera, “gazte langileen etorkizunaren alde”.

Urtarrilaren 30ko greban salatu zuten moduan, aurretik ere gazte langileen egoera guztiz prekarioa eta zaurgarria zela”, baina Covid-19aren ondorioz, larriagotu egin da, azpimarratu dutenez. Ondorioz, lan baldintzak, enpleguaren suntsiketa, soldatak, eta emantzipatzeko zailtasunak daude gazteen kezka handienen artean. Kezka horren atzean duden datuak eman dituzte: otsailetik %36,24a izan da 25 urtetik beherako gazte langabeziaren kopuruaren igoera; alegia, 1.154 gazte gehiago daude  langabezian pandemia hasi zenetik. Oosotara 4.338 gazte daude langabezian Nafarroan.

Egoera horren aurrean Nafarroako Gobernuak, gazteriaz arduratu beharrean, “elite ekonomikoen mesedetara” jarduten duela salatu dute Ernaiko eta LABeko kideek, eta logika horrek langileak pobreziara eramaten dituela.

Krisi ekonomiko eta sozialeko testuinguru honetan, LABek eta Ernaik 2014an osatu zuten aliantza estrategikoa berritu dute, gazteen beharrak eta kezkak aintzat hartzeko, euren egitasmoei bide emateko, eta erasoen aurrean mobilizatzeko. Horren barruan kokatzen da hilaren 26rako deitu duten manifestazioa, Gazteon aukera borrokan da lelopean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!