Azagrako ikastetxean talde bat eta Barañaingoan lau ikasle isolatu dituzte

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 9a, 08:43
Barañaingo Los Sauces ikastetxea.

Ikastetxe horietan kasu positibo bana dagoela baieztatu dute.

Azagrako Francisco Arbeloa ikastetxeko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako talde bateko ikasleak isolatuta egongo dira irailaren 15era arte, koronabirus kasu positibo bat dagoela baieztatu ondoren. Era berean, Barañaingo Los Sauces ikastetxeko Haur Hezkuntzako hiru urteko lau ikasle isolatuta egon beharko dira, beste positibo bat atzeman dutelako, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Azagrako ikastetxearen kasuan, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasle bat da; joan den ostiralean, irailak 4, joan zen eskolara, eta positibo eman du PCR proban. Konfinamendua egin beharko duen gela 22 ikaslek osatzen dute.

Barañaingo Los Sauces ikastetxe publikoaren kasuan, kasu positiboa hiru urteko ikasle batena da. Ikastetxea astelehenean ireki zuten, ikasturtearen hasieran, eta oraindik harrera aldian zegoenez, taldea osatzen duten hamabi ikasletatik laurekin bakarrik egon zen harreman estuan; izan ere, ez dira denak batera joaten, eta, beraz, horiek bakarrik egon beharko dute konfinatuta, Foru Gobernuaren informazioaren arabera.

Bizikidetza talde egonkorrak direnez, harreman estutzat jotzen dira taldeko kide guztiak. Kasuak baieztatu ondoren, abian jarri da Osasun departamentuak covid-19 kasuak kudeatzeko prozedura ikastetxeetako ikasleentzat. Prozedura horren barruan sartzen da ikastetxeko zuzendaritzak isolamenduan egon beharko duten ikasleen familiei hori jakinaraztea.

Osasun zerbitzuek gaur deituko dituzte familiak lehen PCR probak egiteko. Positibo ematen badute, baieztatutako kasu berriak izango dira. Bestela, hamar eguneko berrogeialdia egin beharko dute, eta berriro proba egingo zaie.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!