Mugitu! taldeko hiru kide Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan kateatu dira, AHTaren aurka

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 8a, 09:31

Ekintzaileetako bat, Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren balkoian. (Ekinklik Argazkiak)

AHTaren lan guztiak "berehala" gelditzeko eskatu dute, eta dirua krisiak sortutako beharretara bideratzeko. 

Mugitu! mugimenduko hiru kide Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren balkoian kateatu ziren atzo, abiadura handiko trenaren lanak “berehala” geratu ditzaten eta dirua herritarren beharrizan sozialetarako bidera dezaten eskatzeko.

Goizeko 10:30 inguruan kateatu ziren, eta hamar minuturen buruan, Espainiako Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Udaltzaingoa eta Foruzaingoa joan ziren tokira. Hiru kideak atxilotu zituzten eta Espainiako Poliziaren komisaldegira eraman zituzten; kaletik ekintza babesten ari ziren pertsonak ere identifikatu zituzten.

Ekintzaren antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, AHTaren Nafarroako bi azpizati geratu dituzte, Erriberri-Tafallakoa eta Tafalla-Tafallakoa, eta horri buruzko azalpenak nahi dituzte: “Langileak eta makinak eraman dituzte inolako azalpenik eman gabe, ez proiektuaren ardura duen gobernu zentralak, ez proiektuaren bideratzaile eta bermatzaile den foru gobernuak, ez enpresek. Gobernu zentralak argitu behar du lanen geldialdia egungo egoera ekonomikoaren ondorio den, edo Airef erakundeak emandako jarraibideen ondorio den”.

Mugimenduaren arabera, izan ere, erakunde horrek gomendatu du gelditzeko amaitu gabe dauden AHTaren lanak, errentagarritasunik ez duelako. "Geldialdia egoeraren araberakoa, mugagabea edo behin betikoa izan den jakin nahi dugu, eta zer gertatuko den lanean jarraitzen duten beste bi zatiekin eta AHTaren Nafarroako korridorearen proiektuarekin".

Taldearentzat, AHTaren bi azpizati geratu izana albiste ona da, eta haien ekintzarekin, beste biak ere geratzeko eskatu nahi dute, Villafranca-Azkoien eta Azkoien-Erriberri, baita Euskal Herrian AHTaren obra guztiak bertan behera uzteko ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!