Hamar ataletan banatuta egongo dira: Migrazioak, Feminismoak, LGTBI+, Planeta, Desgaitasunak, Buru osasuna, Miszelanea, Animazioa, Biran eta Nafarroatik. Pelikulez gain, azpi-sail horietako bakoitzeko gai nagusiak lantzeko mahai inguruak ere antolatu dituzte.
Lau zuzendari nafarrek euren lanak proiektatuko dituzte Nafarroatik atatlean: David Ilundainek Uno para todos izeneko filma eramango du, Lucia Guerrok La piel fina, Raul de la Fuentek Woman eta David Seronek El abrazo del Pirineo.
Meliton estudioak antolatzen du jaialdia, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin. Joaquin Calderon zuzendariaren hitzetan, aurtengo jaialdia “proiektuaren hazkundearen ikur izango da: lurraldean errotzen ari dela erakutsiko duena”. Nafarroako Gobernuak zenbait urte daramatza lurraldean ikus-entzunezko sorkuntza bultzatzen, pizgarri fiskalen gisako laguntzekin, eta NIFF ere helburu horrekin sustatzen dutela ziurtatu du Izaskun Goñi Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusiak: “Nafarroarentzat aukera bikaina da herrialdea nazioarteko ikus-entzunezko sektorearen mapan kokatzeko”.
Lanak gaiaren arabera aukeratu dituzte, eta ez iraupenaren edota generoaren arabera; hori da jaialdiaren berezitasuna, Calderonen hitzetan. Hautatutako filmetako zuzendariek 10.000 euro eskuratu ahal izango dituzte sarietan. Jaialdia ixteko ekitaldian jakinaraziko dituzte irabazleak: irailaren 5ean, 20:30ean, katedralean.
Bost egoitza
Proiekzioak hiriko bost tokitan izango dira: Andre Maria Erreginaren katedralean, Kondestablearen jauregian, Nafarroako Antzerki Eskolan, Baluarte auditoriumean eta Katakrak liburu dendan.
Edukierak murriztuak izango dira eta higiene neurriak ere hartuko dituzte. Ez da sarrerak aldez aurretik eskuratzeko aukerarik egongo, baina, berrikuntza gisa, emanaldi guztiak Internet bidez jarraitu ahal izango dira, zuzenean.