Nafarroako Ospitale gunean ingresatuta zen 88 urteko emakume bat hil egin da asteburuan koronabirusarekin. Hamar egunen ostean, Nafarroak heriotza berri bat erregistratu du eta jadanik bost dira uda honetako agerraldien ondorioz hil diren pertsonak. Izurritea hasi zenetik 533 nafarrek galdu dute bizia koronabirusarekin.
Atzo 105 kasuren berri eman zuen Osasun Departamentuak, horietatik 16 Tuterako adinekoen egoitza batean aurkitutakoak. Egoiliar batek sintomak azaldu zituen eta Osasun Departamentuaren protokoloak ezartzen duen bezala, egoitza osoko egoiliar eta langileei PCR proba egin zitzaien. 16 positibo antzeman ziren, horietatik 13 egoiliarren artean eta soilik batek, hain zuzen alarma piztu zuen adineko pertsonak zituen sintomak. Guztiak, beste egoitza batetara eramanen dituzte isolatuta izateko. Nuestra señora de Gracia egoitzan gertatu da, bertan egoiliar taldeak, taldeka isolatuta daude, burbuila antolakuntza ezarrita zuten beraz ez da beste egoiliarren artean kutsaketarik izan.
Atzokoan hiru pertsona ospitaleratu zituzten eta uneotan 38 dira ospitaletan ingresatuta diren koronabirus gaixoak. Horietatik 8 zainketa intentsiboetako unitatean.
Atzo 1.723 PCR proba egin ziren eta %6.2an antzeman ziren kasu positiboak.