"Aurrekaririk gabeko kolpea" jaso du Nafarroako ekonomiak

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 3a, 12:57

Urte arteko tasan %18,8 txikitu da barne produktu gordina Nafarroan. Inoizko beherakadarik handiena da.

Gutxika ari gara itxialdiak eta koronabirusak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoak ezagutzen. Aurrekaririk gabeko beherakada eman da apirila eta ekaina bitartean; hau da, itxialdia bitartean, barne produktu gordinean. Aurreko urtekoarekin alderatuz, % 18,8 jaitsi da BPGa.

Koronabirusari aurre egiteko Espainiako estatuak ezarritako alarma egoerak eta  itxialdiak kolpe gogorra suposatu dute ekonomiarentzat. Nafarroako Gobernuak espero zuena baino handiago izan da gainera. Apirila izan da hilabeterik gogorrena. Nafarroako Estatistika Institutuak egindako kalkuluen arabera, beherakada hori batez ere zerbitzuetan eta industrian eman dira. Itxialdia arintzearekin batera, ekonomian ere hobetzea eman zen maiatzean, baina oso mantsoa izaten ari da berpiztea.

Lan esparruan noski izan du eragina ekonomiaren jaitsierak. Duela gutxi ezagutu genuen Biztanleria Aktiboaren Inkesta. Horren arabera, 12.800 pertsonek galdu dute lana apirila eta ekaina bitartean. Urte arteko konparaketan 22.000 izan dira. Langabezia datuei, baina, lan erregulazio espedientean dauden langileak gehitu behar zaizkie. Egun Nafarroan 5.800 espediente daude aktibo eta 43.000 langileri eragiten diete. Irailera arte luzatuko dira zenbait, baina etorkizuna ez da argia guztientzat. Nafarroako enpresen %13k aurreikusi du datozen hilabeteetan lanpostuak murriztuko dituela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!