Alemaniak Nafarroara ez bidaiatzeko gomendatu du

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 29a, 09:29
Hegazkin bat, Noaingo aireportuan.

Alemaniako Atzerri Ministerioak Aragoira, Kataluniara eta Nafarroara bidaia turistikorik ez egitea gomendatu zuen atzo, "beharrezkoak ez badira", koronabirusaren agerraldi berriak direla eta.

Beharrezkoa ez bada, Aragoira, Kataluniara eta Nafarroara bidaiatzea "ez dela gomendatzen" adierazi du Alemaniako Atzerri Ministerioak, herrialde horretako herritarrei egindako gomendioen eguneratze batean. Ministerioak esan du Espainiako Estatuan, oro har, kutsatze kopuruak "nabarmen jaitsi” direla, baina aipatutako erkidegoetan "eskualde mailako infekzio guneak" daudela.

Jens Spahn Osasun ministroak arrisku herrialdeetatik datozen pertsonei Alemaniara iristen direnean testa egingo zaiela jakinarazi eta hurrengo egunean jakin zen bidaia gomendioak eguneratuko zirela. Alemaniako agintariek astelehen honetan adierazi zuten neurri horren ezarpenaren legezkotasuna balioesten zutela, eta Alemanian sartu eta hurrengo 72 orduetan beste eremu batzuetatik datozen pertsonei testak egitea gomendatzeko aukera ere aztertzen ari zirela.

Arantxa Gonzalez Laya Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroak atzo adierazi zuenez, "normala" da herrialde batzuek, Alemaniak kasu, koronabirus prebalentzia handia duten lekuetara ez bidaiatzeko gomendioa egitea. "Europar Batasuneko zenbait herrialdek gomendatzen dute Covid-19ren prebalentzia handieneko eremu horietara ez bidaiatzea. Hori normala da, Espainian ere Covid-19ren prebalentzia handiena duten eremuetara ez bidaiatzea gomendatzen delako ", azpimarratu zuen prentsaurreko batean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!