Langabezia 3.900 pertsonatan igo da urteko bigarren hiruhilekoan Nafarroan; aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %14,55 hazi da, eta guztira 30.400 langabe daude, Espainiako Estatistika Institutuak argitaratu berri duen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Sexuen arabera aztertuta, 16.700 gizon daude langabezian (%10,13) eta 13.800 emakume (%10,01).
Bestalde, landunen kopuruak behera egin du Nafarroan: 12.800 pertsona gutxiago zeuden lanean bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (% 4,5); eta 22.200 gutxiago, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta (% 7,56 gutxiago).
Guztira, 271.500 pertsona daude lanean. Horietatik 147.800 gizonak dira, %61,70eko jarduera tasarekin, eta 123.700 emakumeak, %49,97ko jarduera tasarekin.
Estatistika institutuak gogorarazi du apirila eta ekaina bitartean galdutako enpleguetan ez direla sartzen kontratua eteteko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean daudenak; izan ere, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren metodologiak okupatutzat jotzen ditu etete hori hiru hilabetetik beherakoa den bitartean.