Motor gidari bat hil da Luzaiden izandako istripu batean

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 27a, 09:00
Atzo Luzaiden izandako istripuaren tokia. (Nafarroako Suhiltzaileak)

38 urteko motorzale bat hil zen atzo, igandearekin, N-135 errepidean, Luzaiden. Gainera, zazpi pertsona zauritu ziren N-121-A errepidean, auto batek eta furgoneta batek talka eginda.

SOS Nafarroara egindako dei baten arabera, motorzale batek istripua izan zuen, eta amildegi batera erortzeko zorian zegoen; ondorioz, Luzaide herriko suhiltzaile boluntarioak, Auritzeko suhiltzaileak, suhiltzaileen erreskate teknikoa, guardiako mediku taldea eta Foruzaingoa bertaratu ziren, Nafarroako Gobernuak jakitera eman zuenez.

Auritzeko suhiltzaileek motorzalea sakanetik atera eta errepidera igotzea lortu zuten, baina bertan hil zen.

Bestalde, zazpi pertsona zauritu ziren N-121-A errepidean, Sunbilla parean, auto batek eta furgoneta batek talka eginda. Ezbeharra errepideko 49. kilometroan gertatu zen, eta zirkulazioari eragin zion.

Zaurituak, ibilgailu batetik lau eta bestetik hiru, Doneztebeko osasun zentrora eraman zituzten. Guardia Zibileko trafikoko eta herritarren segurtasuneko patruilak gertatutakoa ikertzen ari dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!