Gazteen etxabeak itxiko dira koronabirus kasuen gorakadarengatik

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 17a, 14:13

Azken 24 orduotan 58 koronabirus kasu berri antzeman dira Nafarroan, gehienak gazteen artean eta festa giroan hedatutakoak. Bi agerraldi garrantzitsu daude Iruñerrian, Mendillorrin eta Zizur Nagusiaren inguruan. Osasun Departamentuak ardurarako deia egin die gazteei eta etxabeen itxiera agindu du gaitza gehiago zabaldu ez dadin.

Koronabirus kasu berriak ia hirkoiztu dira Nafarroan. Aste hasieran 6 kasu berri agertu baziren, ostegunean jadanik 22 ziren eta astebukaeraren atarian 58. Gazteak dira gaitzaren berragerraldi honetan kutsatutako gehienak, positibo emandakoen artean %81a. Hala eta guztiz ere PCR proba kopurua ere biderkatu egin da, positibo bakoitzaren senitarteko, lagun eta kontaktuen artean. Aste hasieratik 3.361 proba egin ditu osasun departamentuak, 1.145 azken 24 orduotan.

Nafarroako Gobernuak etxabeak ixteko agindua eman du, bertan izaten diren kontrolik gabeko jende pilaketak ekiditeko. Gau giroko tabernen ordutegi eta irekitze neurrien gainean berrikusketa ere egiten ari direla iragarri du osasun departamentuak.

Azken 24 orduotan pertsona bat artatu behar izan dute ospitalean, 13 pertsona dira ingresatuta une honetan Nafarroan, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!