2018ko uztailean, Nafarroako Gobernuak Ezkabako gotorlekutik ihes egindako presoen lau gorpu aurkitu eta lurpetik ateratzea lortu zuen. Esku-hartze hori Paulina Lizoainen testigantzari esker egin ahal izan zuen. Paulina Lizoain herri horretakoa da, eta neskatoa zela ikusi zuen gertaturikoa. Orain 89 urte ditu, eta Nafarroako Gobernuak Esteribar bailaran zenbait gorpu hobietatik atera zituenean azaldu nahi izan zuen bere testigantza.
Berreskuratutako lau gorpuen artean, eta haren alabak utzitako DNA lagin bati esker, Leoncio de la Fuente Ramos identifikatu dute, Valladolidekoa, ezkondua eta sei seme-alabaren aita. 36 urte zituen 1937an Ezkabako gotorlekuaren presondegira iritsi zenean. 1938ko maiatzaren 22an ezagutzen den ihesaldirik jendetsuenetako bat egin zuten 795 presoetako bat zen.
Hala ere, preso horietako 206 atxilotu bezain laster exekutatu zituzten, Leoncio de la Fuenteren eta bere iheskide ezezagunen kasuan bezala. Larrasoaña inguruan atxilotu, fusilatu eta hilerriaren inguruan lurperatu zituzten.
Nafarroako DNA Bankuak 230 fusilaturen laginak jaso ditu 2016an sortu zutenetik. Nafarroako Memoriaren Institutuak elkarlanerako deia egin du, bai hobi posibleak aurkitzeko, bai iheslarien senideak aurkitzeko, haien lagin genetikoek identifikazio berriak egin ahal izateko.