GAMESAREN ITXIERA

Siemens Gamesak Agoizko lantegia itxi nahi du

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 1a, 11:47
Gamesako langileak protestaka, artxiboko irudi batean

Siemens Gamesak multinazionalak Agoizko lantegia itxi nahi du. 239 langile kale gorria bidali nahi ditu. Hala jakinarazi zion atzo ilunabarreko zortziak aldera, Espainiako Balore Merkatuko Batzorde Nazionalari.

Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalari helarazitako idazkian, enpresak hiru argudio eskaini ditu Agoizko lantegia ixteko.

Lehena, lantegia txiki geratu dela generadore handiak ekoizteko. Agoitzen 132 metrokoak egiten dituzte eta enpresak dio 170 metrokoen alde egin nahi duela apustu. Bigarrena, ekoizpen kostuak altuak direla. Eta hirugarrena, Agoitz itsasotik, portuetatik urrun dagoela.

Hain zuzen ere apirilean, Siemens Gamesak lantegi bat erosi zuen Portugalen, Senvienen, itsaso ondoan. Erosketari susmo txarra hartu zioten Agoizko lan batzordean. Atzo bertan bilera egin zuten Nafarroako Gobernuarekin, gaia jorratzeko. Kasualitatearen handia: atzo bertan iragarri zuen enpresak ixteko asmoa.

Gamesak hainbat diru laguntza publiko jaso ditu duela hamar urte Agoitzera etorri zenetik. Nafarroako Gobernutik, Manu Aierdi kontseilariak iragarri du enpresarekin, lan batzordearekin, eta Espainiako Gobernuarekin mintzatuko dela, aukera guztiak aztertzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!