Eskola jantokiak ixtea "onartezina" dela salatu du LABek

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 29a, 14:21

Eskola jantokietako langileek elkarretaratzea egin dute Hezkuntza Departamentuaren aitzinean, jantokiak hezkuntza prozesuaren parte direla aldarrikatzeko.

Ikastetxeak irekitzeko zenbait agertoki aurreikusi ditu Nafarroako Gobernuak datorren ikasturterako. Horietatik bakarrik lehenengoan egonen lirateke zabalik eskola jantokiak.  "Onartezina da ikastetxeak berriz irekitzeko plan hori. LAB sindikatutik Hezkuntza Departamentuari planteatu diogu ikastetxekin batera ireki behar zirela jantokiak, beti ikasleen segurtasuna egokituz eta bermatuz". Hezkuntza Departamentuak Santo Domingo aldapan duen egoitza nagusiaren parean bildu dira langileak LAB sindikatuarekin batera. Haurren hezkuntzan elikadurak duen garrantzia azpimarratu dute eta langileen lan eskubideak defendatzeko galdegin diote gobernuari.

Hezkuntza Departamentuari bilera bat egitea eskatu zion sindikatuak horri buruz hitz egiteko eta hezkuntza-komunitate osoaren bilerak egotea, eskola jantokietako langileak barne, baina ez du hartu. "Haurren elikadura, familien bateragarritasuna eta milaka lanpostu daude jokoan, sektore feminizatu eta prekarizatu batean", zehaztu du sindikatuak.

Sindikatuak aldarrikatu du elikadura oinarrizko eskubidea dela, eta administrazioak bermatu behar duela: "Horretarako, Nafarroako Gobernuak ikastetxe guztiei beharrezko baliabideak eman beharko dizkie, eskola jantokiek %100ean funtziona dezaten. Egoera desberdinik gabe. Hasieratik berdina izan beharko luke".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!