Javier Esparzak jarraituko du UPNko presidentetzan

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 29a, 09:27
Javier Esparza, parlamentuan.

UPNko militantziaren gehiengoak Esparzaren aldeko botoa eman du alderdiaren 12. kongresuan. Presidentetzan jarraituko du, botoen %58,29rekin. 

UPNren 12. kngresua egin zuten atzo, eta alderdiko presidentea aukeratzeko bozketan, botoen %58,29k Esparzaren alde egin zuten; %41,71k, berriz, Sergio Sayas diputatuaren alde. Ezohiko kongresu bat izan zen: pandemiaren aurkako neurriek baldintzatuta, eta espero baino beranduago egindakoa; martxorako aurreikusita baitzegoen. 

Esparzarekin batera izango dira, batetik, Enrique Maia Iruñeko alkatea, presidenteorde gisa, eta, bestetik, Yolanda Ibañez parlamentaria, idazkari nagusi gisa.

Emaitzen berri izan eta gero, UPNko presidentea "oso pozik" agertu zen, berriro hautatua izateagatik: "Oso pozik nago arlo pertsonalean, errebalida moduko bat baitzen, azterketa modukoa; lau urte konplexu, bizi, gogor izan dira, eta beti bilatu dugu hoberenarena UPNrentzat eta Nafarroarentzat onena. UPN alderdi indartsuagoa da".

Sayasek, bere aldetik, kongresuak mezu argi bat utzi zuen: "UPNn gauza batzuk aldatu egin behar dira, eta jende askok nahi du horiek aldatzea".

Emaitza, 2015ekoaren antzekoa

Esparza UPNren buruzagitzara iritsi zen 2015ean, ezohiko batzar batean, eta 2016an berretsi zuen lehen aldiz presidentetza. 2015ean botoen %57 lortu zituen, Amelia Salanueva eta Maria Kutzeren aurrean. Ia bost urte geroago, oraingoan aurkari bakar baten aurka, lortutako portzentajea ia berdina da. 2016an, aurkaririk gabe, botoen %83 eskuratu ahal izan zituen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!