EHNEk abeltzaintzako ustiategien tamaina mugatzen duen dekretua defendatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 26a, 09:14

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak abeltzaintzako ustiategien tamainari muga jartzea baliogabetzen duen epaia eman berri du. Epai horren ondoren, EHNEk Nafarroako Gobernuari eskatu dio dekretu hori defenda dezala, baliogabetzea galaraz dezala eta dagokion instantziei alega diezaiela, deuseztapena ez gauzatzeko.

"Valle de Odieta kooperatiba, Caparrosoko esnetarako behi aziendaren makro-baserriaren jabea, izan da foru dekretuak ezartzen zituen mugen aurka helegitea jarri duena; izan ere, etorkizuneko planak 3.500 behi gutxienez jezten dituen eta Nafarroako esne guztiaren %20 baino gehiago ekoizten duen makro-baserria are handiagoa bihurtzea da", adierazi du sindikatuak.

"Baliabide produktiboen, lurren, larreen eta ganaduaren kontzentrazioari mugak jarri behar zaizkio", esan du Ehnek. "Familia-ustiategien defentsa baliabideen banaketaren defentsatik pasatzen da, eta Nafarroan ditugun 160 etxalde horietako batek guztiaren % 20 ekoizten badu, eta gainera, handitu nahi badu, Caparroson fabrikatuko duten esnea beste pertsona batzuek ekoizteari utziko diote, familia-ustiategien galerak eta baliabideen eta merkatuen pilaketa etengabe bultzatuz", azpimarratu du.

Hori dela eta, sindikatuak nabarmendu duenez, "lehen sektoreak merkatu librearen logikaren gainetik dauden mekanismo politikoak behar ditu, ustiapen bakoitzeko mugak ezartzeko, askatasun ekonomikoari eta baliabideen metaketari ateak jarriz".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!