Hiru urteko kartzela-zigorra berretsi die Nafarroako auzitegiak bi akusaturi, 2016ko Sanferminetako bortxaketa grabatzeagatik

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 26a, 09:22

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak emandako epaia; izan ere, iazko azaroan 3 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra eta 5.670 euroko isuna ezarri zien, intimitatearen aurkako delitu baten egile gisa, bi akusatuei. 2016ko talde-bortxaketaren zazpi bideo grabatu zituzten eta bi argazki egin zituzten. Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke epaia.

2019ko uztailean, Auzitegi Gorenak 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zien bost akusatuei, bortxaketa delitu jarraitua egotzita. Horietako bati, beste bi urte gehiago ezarri zizkion larderiaz egindako lapurreta delitu batengatik. Orduan, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak 2018ko abenduan emandako epaia, Auzitegi Nazionaleko Bigarren Atalak urte horretako apirilean bost auzipetuei 9 urteko kartzela-zigorra ezarri ziela berretsi zuena, prebalentziaz egindako sexu-abusu delitu jarraitu batengatik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez. 

Epai hartan, intimitatearen aurkako delituari dagokionez, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak neurri batean baietsi zituen bi akusazioren errekurtsoak, eta Auzitegiko Bigarren Atalari agindu zion delitu horri buruzko epai berri bat ematea, apelatutako epaian argudiatutako oztopo prozesalak ez hautemateagatik, erruztatuak absolbitzea eragin zutenak.

Auzitegi Gorenaren epai irmoaren ostean, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak agindutakoa betez, Bigarren Atalak gaia berrikusi zuen eta orain Auzitegi Nagusiak berretsi dituen zigorrak ezarri zituen.

Arlo Zibil eta Penaleko Salak fiskaltzaren eta bi akusazioren helegiteak errefusatu ditu; absolbitu zituzten hiru auzipetuen kondena eskatu zuten; defentsak, berriz, bosten absoluzioaren alde egin zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!