Behi-ustiategiek ez dute tamaina mugarik izanen

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 25a, 08:28

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du ustiategien tamaina mugatzen zuen 2019ko Foru Dekretua. Erabakiaren bidez, Valle de Odieta kooperatiba-sozietateak aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartu du auzitegiak. 18.500 behiko makrogranja bat sortu nahi da Sorian.

Behi-ustiategi erraldoiak eragozten zituen 2019ko Foru Dekretua baliogabetu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman berri duen epai batek. Valle de Odieta kooperatiba-sozietateak aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartu du horrela, eta bidea erraztu dio Noviercasen (Soria) 18.500 behiko makrogranja bat sortzeko nahiari. Gainera, Caparroson lehendik duen ustiategia nabarmen handitzea aurreikusten da; izan ere, 3.500 esne-behi izatetik 7.000 inguru izatera igaroko litzateke.

Auzitegiko magistratuek uste dute ez dagoela frogatuta dekretuak ezartzen duen mugak animalien ongizatea hobetuko duenik, eta, era berean, uste dute foru araudiak enpresa askatasuna urratzen duela. Dekretuak 1.250 burutan du ezarrita muga. Epaiak, gainera, egungo instalazioak muga horietatik harago zabaltzeko debekua ere baliogabetzen du. Foru Dekretu Arauak indarrean dirau epai irmo bat egon arte. Epaia ez da irmoa, eta kasazio helegitea aurkeztu dakioke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

2017an, EHNE sindikatuak ohartarazi zuen Valle de Odieta proiektuak arriskuan jartzen zuela 168 ustiategiren bideragarritasuna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!