Migratzaileak lan-arlotik kanpo uzteko helburua duten kanpaina “arrazista eta xenofoboak” salatu ditu Santos kontseilariak

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 24a, 08:19

Eduardo Santosek adierazi du krisi-garaietan migratzaileak errudun gisa agerrarazi nahi dutenek “aitortu ezinezko” interesak dituztela, eta ohartarazi du Nafarroako Gobernuak kulturen arteko “batasunaren eta elkartasunaren“ alde egiten duela.

Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak, Eduardo Santosek, salatu du martxan dagoela kanpaina bat enpresei, baita Nafarroakoei ere, gutunak bidaltzeko, bertze herrialdetako pertsonen ordez berton jaiotakoak kontratatzeko eskatuz. Jokabide hori “arrazista eta xenofoboa” dela adierazi du Santosek, eta esan du haren jatorria “aitortu ezinezko interesak bultzaturik mamuak haizatzeko” interesa dela, “krisi-garaietan” errua migratzaileei botatzen saiatzen direnena.

Eduardo Santosek hausnartu duenez, krisi garaietan, batzuk "gizartearen beldurrez baliatzen dira beren miseria moralak erakusteko"; eta Nafarroako Gobernuak, aldiz, nahiago du "sorbalda harrotu, elkartasunean, elkartasunean, sexuaren, sexu-orientazioaren, arrazaren, jatorri geografikoaren, ideologiaren edo sinesmen erlijiosoen arabera bereizi gabe".

Santosek Burlatako bizikidetzari buruzko diagnostikoaren eta Udal Ekintza Plan baterako proposamenaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok, astearte arratsaldean, herriko Kultur Etxean.

"Etxe bakoitzean, auzo bakoitzean" hasten da elkarbizitza

Migrazio eta Justizia Politiken Departamentuak "kulturen arteko bizikidetza, koloretako Nafarroak ematen digun aberastasuna, aukera-berdintasuna eta gizarte-zerbitzuen banaketa bidezkoa" proposatu ditu. "Borroka" bat, esan du, eta horretarako "bizikidetzaren balioari buruzko kontzientzia sozial sakona" behar da.

"Eta lan hori etxe bakoitzean hasten da, kale bakoitzean, auzo bakoitzean", adierazi du; "eta herrietatik hasten da, udalek eta tokiko erakundeek bultzatutako lanarekin", Burlatak berretsi duenez.

Eduardo Santosek gogorarazi du arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka "txertorik ere ez" dagoela, eta, beraz, "prebentziorik onena gure esku" dagoela. "Bakoitzak, bere jarrera indibidualekin, gizartea intolerantziatik, arrazakeriatik eta xenofobiatik babesten gaitu", gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!