Nafarroak 21 koronabirus kasu berri erregistratu ditu azken egunean, eta gobernuak familia eta gizarte harremanen esparruko kutsatzeei egotzi die. Kasuen gorakada hori bi eremutan gertatu da: Nafarroa iparraldean eta Iruñerrian.
Kasu kopuruak gora egin du azken egunotako kasuen aldean. Igandean, gobernuak jakinarazi zuen hiru kasu izan zirela, eta larunbatean zortzi kasu berriren berri eman zuen.
Santos Indurain Osasun kontseilariak hedabideei azaldu dienez, asteleheneko kasuen gorakadak "familia-harremanekin eta gizarte-harremanekin du zerikusia, ez da osasun-zentroen edo zentro soziosanitarioen testuinguruan, horiek blindatzeko prebentzio-neurri oso biziak hartzen baititugu".
Indurainek nabarmendu du Nafarroako Gobernua "kontaktuen identifikazio, isolamendu eta jarraipen oso goiztiarra" egiten ari dela, eta adierazi du atzemandako kasu berri gehienak "sintomarik gabekoak" zirela. "Transmisioa mozteko detekzio oso goiztiar baten ondorio da", esan du.
Kontseilariak "erantzukizun indibidual eta kolektiboa" eskatu du kutsatzeak geldiarazteko. "Oso garrantzitsua da gertatu den guztia ez ahaztea eta guztion artean ardura hau eskatzea", esan du.
'Metro eta erdi' kanpaina
Nafarroako lehendakari Maria Txibitek birusa ez zabaltzeko segurtasuneko distantzia fisikoa mantentzea beharrezkoa dela azpimarratu du gaur, eta normaltasun berria "beldurrik gabe, baina birusarekiko errespetua izanda" bizitzea garrantzitsua dela esan du. Nafarroako Jauregiaren aurrean adierazi du, eta, bertan, ‘Metro eta erdi, zure konpromisoaren neurriak aldatu gabe jarraitzen du’ gizartea kontzientziatzeko kanpainaren barnean beste ekintza bat ere aurkeztu du.