Navarra Suma bakarrik geratu da Skolaeren aurkako borrokan

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 22a, 13:32

Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak atzera bota du Navarra Sumak Nafarroako Gobernuak Skolae programa geldiarazteko eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako errekurtsorik ez jartzeko aurkeztutako adierazpen instituzionala. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak adierazpenaren aurka bozkatu dute.

Javier Esparza Suma Nafarroako bozeramaileak hedabideei egindako adierazpenetan adierazi duenez, Foru Gobernuak programari eusteko dagoeneko iragarritako borondatea, gainerako talde politikoen babesarekin, "pentsamendu bakarra eta sektarismoa ezartzeko eta gurasoek gure seme-alabak hezteko duten eskubidea den gai baten aurrean eredu bat inposatzeko" saiakera da.

Esparzak eskatu du "ikastetxeei lan egiten uzteko hezkidetzarekin zerikusia duen horretan, baina familiei, profesionalei, eta ikastetxeei beraiei ere errespeta dezatela". "Hori da duela urte askotatik Nafarroan egin duguna, eta hori da aurreko legealdian Gobernu nazionalistak egin zuena", esan du, orain exekutiboak programarekin aurrera jarraitu nahi duela deitoratzeko.

Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak "baldintzarik gabeko babesa" eman dio Skolae programari, eta adierazi du Hezkuntza Departamentuak "beharrezko aldaketak" egingo dituela "programaren garapenari segurtasun juridikoa emateko, gizarte hobea eta toleranteagoa bilatzen duelako".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!