Zuhurtzia eskatu du beste behin ere Nafarroako Gobernuak azken fase aldaketarako. Larunbat gauerditik aurrera Nafarroako mugak zabalduko dituzte, eta horrek herritarrak zein administrazioak "eszenatoki" berri baten aurrean jartzen dituela azaldu du. 'Normalitate berria' arautzeko dekretua onartu du gaur gobernuak ezohiko gobernu saioan. Igande gauerdian sartuko da dekretua indarrean.
Dekretuak, edukiera mugak zabalduko ditu. Salbuespen zenbaitetan izan ezik, gehienezko edukiera %75koa izanen da. Jatetxe eta tabernetako terrazetan edukiera %100koa izanen da. Dantzalekuetan ezinen da dantzarik egin, mahaiekin bete beharko dute dantzalekuak.
Orain arte bezala, maskara derrigorrezkoa izanen da, eta harremanetan metro eta erdiko segurtasun tartea mantendu beharko da.
Haurrentzako parkeak, 0-3 zikloko haur eskolak eta zaharrentzako klubak zabalduko dituzte datorren astean. Igerilekuetan %75 gehienezko edukiera izanen da, eta ez da aurretiazko hitzordurik ezartzea derrigortuko.
Koronabirusaren inguruko datu "positiboekin" pozik dago Nafarroako Gobernua, baina horrek sor dezakeen "efektu sikologikoak" kezkatzen du. "Birusa gurekin dago, arriskua ez da amaitu, gomendioak bete behar ditugu". Datu positiboa gehiago metatzeko orain arteko lana egiten jarraitu behar dela nabarmendu du presidenteak. Mugikortasuna gakoetako bat izan da, horregatik mantendu nahi izan dute alarma egoera amaierara arte.