Lekunberriko eta Larraungo udalek Aralar Udal Musika Eskolarekin batera aurkeztu dute aurtengo Vianako Printzearen Kultura sarirako Berri Txarrak hautagaitza. Izan ere, nabarmendu dutenez, Lekunberriko hirukotea "Nafarroak eman duen rock talde nagusietako bat bihurtu da". Horren harira, gogorarazi dute 25 urteko ibilbidearen ondoren joan den urtean agur esan ziotela elkarri, Ikusi arte Tour 2019 birarekin historia egin ondoren. Bira horretan, Europako, Asiako eta Amerikako geografiaren zati handi bat zeharkatu zuten, dozenaka areto betez. "Uztailaren 14an 20.000 lagun baino gehiago bildu ziren Kobetamendin, talde euskaldun batek orain arte eskaini duen kontzerturik jendetsuena", adierazi dute ohar batean: "Nola bete zuten amaiera bi egunez, azaroaren 22an eta 23an, Iruñeko Navarra Arenan".
Taldeak Nafarroako mugak gainditu ditu, eta, gainera, euskara nortasun-ikur gisa hartuta, munduan zehar eraman duten hizkuntza minorizatua. "Horrek ez du eragotzi musika panoramako rock talde garrantzitsuenetako bat izatea", nabarmendu dute.