Felipe Gonzalezen eta GALen arteko lotura ikertzearen alde agertu da Ezker Batua

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 19a, 10:39

Espainiak dituen "erantzunkizun historikoak" bere gain hartu behar dituela azaldu du alderdiak ohar bidez.

Nafarroako Ezker Batuak babestu egin du Espainiako Diputatuen Kongresuan Felipe Gonzalez presidente ohiaren eta "GALekin duen loturaren" inguruko ikerketa batzordea sortzea.

Alderdiak, ohar baten bidez, "biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioaren printzipioak" defendatu ditu, eta "justiziak behingoz argitu dezala Felipe Gonzalez presidente ohiak GALen duen erantzukizuna". Era berean, "estatuak indarkeria politiko honen biktimekin zor historikoa" mantentzen duela uste du.

Azpimarratu du, gainera, Izquierda-Ezkerra, Batzarrerekin batera osatzen duen koalizioa, izan zela "eskuin muturreko taldeek edo Nafarroako Parlamentuak onartutako funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzengatik biktimak aitortu eta erreparatzeko Foru Legearen bultzatzailea". "Nafarroan onartu dugun eta Estatuko erakundeen gidari izan behar duen lege honen helburua da funtzionario publikoen edo eskuin muturreko taldeen indarkeriazko ekintzak eragindako biktimen aitortza eta, hala badagokio, erreparazioa sustatzea, kaltetutzat eta, hala badagokio, erreparazio integralerako eskubideen onuraduntzat hartzeko bitartekoak eta mekanismoak arautuz", adierazi du.

"Bakearekiko, elkarbizitzarekiko, eta memoria historiko eta demokratikoarekiko konpromiso irmoa" agertu du IUNek. "Estatuak erantzukizun historikoak bere gain hartzea ezinbestekoa eta funtsezkoa da memoria demokratikoaren egikaritza osoa bermatzeko, eta, horren gainean, bakean bizi den gizartea eraikitzeko, aniztasun politiko eta soziala errespetatuz", gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!