Kutsaturik, hildakorik eta ospitaleraturik gabeko lehen eguna Nafarroan

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 15a, 09:15

Nafarroak ez du ez Covid-19 kasu berririk, ez hildakorik, ez ospitaleraturik erregistratu azken egunean. 

Atzo ez zuten koronabirus kasu berririk erregistratu Nafarroan, ez eta gaixotasun horrekin hildakorik ere. Pandemia hasi zenetik kopuru horiek erregistratu dituzten lehen aldia izan da.

Halaber, aurreko egunarekin alderatuta, ospitaleratzeen datuak ez dira aldatu, foru exekutiboaren datuen arabera. Beraz, une honetan 40 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik sei ZIUn eta bi etxean.

Hala ere, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren arteko desadostasunak bere horretan dirau. Hala, Ministerioak 5.311 koronabirus kasu eta 490 hildako zenbatu ditu Foru Erkidegoan. Nafarroako Gobernuak, berriz, 5.352 kasu eta 518 hildako ditu erregistratuta.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak "zuhurtzia" eta "erantzukizun indibiduala" eskatu ditu datorren igandean, hilak 21, hasiko den normaltasun berria delakoaren aurrean. Hain zuzen ere, egun horretan alarma egoera desagertuko da, Espainia osoan mugitzeko aukera emanez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!