Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko legeari ekarpena egiteko epea, zabalik

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 11a, 09:20
Itziar Gomez kontseilaria, agerraldi batean, artxiboko irudi batean.

Nafarroako Gobernuak zabaldu du Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen aurreproiektuan parte hartzeko prozesua. Ekainaren 30era arte iraungo du, eta bost lan saio ditu, herritar guztientzat irekiak.

Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaldu duenez, testu berriak Foru Exekutiboak joan den irailean onartu zuen klima larrialdiko adierazpen instituzionalaren ondoriozko klima anbizio handiagoaren eskakizunari erantzuten dio, eta bat egiten du Europan adostutako trantsizio energetikoaren eta berotze globalaren aurkako borrokaren konpromisoekin.

Aurreproiektuaren testuak 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburu orokorrak jasotzen ditu, eta Foru erkidegoarentzat, energia eredu iraunkorrago baterako trantsizioaren marko arautzaile eta instrumentala izango da.

Parte hartze publikoaren prozesuan bost lan saio ireki egingo dituzte hilaren 17tik 23ra bitartean, bideokonferentzien bidez, eraikuntza, mugikortasuna, lehen sektorea, tokiko esparrua eta enpresa gaiak jorratzeko. Halaber, ekainaren 30era arte, testuari ekarpenak egin ahal izango zaizkio Gobernu Irekiaren webgunearen bidez; eta, ondoren, ekarpenak ebatzi eta jakinaraziko dituzte. Hala, legearen tramitazioak aurrera jarraituko du, gobernuak onartu arte.

Testua egiteko, Landa Garapen eta Ingurumen departamentuak Ekonomiaren Garapen eta Enpresa Saileko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuaren laguntza izan du, bai eta gobernuaren gainerako sailen ekarpenak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!