Nafarroak ez du EAErekin mugikortasuna berreskuratuko ekainaren 22ra arte

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 11a, 09:23

Txibitek Urkulluri jakinarazi dio Foru Erkidegoak hirugarren fasea amaitu arte itxarongo duela alarma egoera altxatzeko.

Nafarroak ez du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekiko mugikortasuna berreskuratuko ekainaren 22ra arte; Iñigo Urkullu lehendakariak proposatu zuena baino astebete geroago, hain zuzen ere.

Urkulluk eta Foru Erkidegoko presidenteak elkarrizketa izan zuten atzo, asteazkena, arratsaldean, eta Maria Txibitek lehendakariari esan zion Nafarroak itxarongo duela hirugarren fasea (ekainaren 21a) amaitu arte, alarma egoera altxatzeko, eta Eusko Jaurlaritzako presidenteak erabakia errespetatu egin zuen.

Joan den igandeko erkidegoetako presidenteen bideokonferentzian, Iñigo Urkulluk Miguel Angel Revilla, Concha Andreu eta Maria Txibite Kantabriako, Errioxako eta Nafarroako ordezkari nagusiei hitz egin zien, hurrenez hurren, uztailaren 15erako EAErekin beren erkidegoen arteko mugikortasuna adostu ahal izateko

Urkulluren lehen hitzezko komunikazioa Txibiterekin izan da aste honetan. Nafarroako presidenteak arratsaldean jakinarazi zionez, nahiago du hirugarren fasea amaitu arte itxaron alarma egoera bertan behera uzteko. Lehendakariak errespetua adierazi zion erabakiari. Bestalde, EAEk erabakiko du alarma egoera noiz aldatu eta noiz amaituko den, Euskal Autonomia Erkidegoko datu epidemiologikoen eta osasun bilakaeraren arabera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!