Kezkatuta aditzen dituzte Landabenen Bartzelona eta Lugotik iristen diren albisteak, “Urteetan, diru publikotik, ehunka milioi euro jaso dituzten enpresak, bat-batean, egun batetik bestera, itxi eta milaka familia kale gorrian uzten dituzte” salatu du Alfredo Morales, Nafarroako Volkswagenen langile batzordeko presidenteak, “Hori onartezina da”. Hausnarketa eskatzen dute autogintza sektoreko langileek, “BPGaren %10a gara estatuan eta ezin gaituzte baztertu” adierazi du Moralesek, “Berrindustrializazio prozesu batean gaude, teknologia berriak sartu behar dira gure ekoizpenean, enpresa, langile eta administrazioak eseri behar gara etorkizuna bermatzeko”.
Gaur Nissan eta Alcoako langileekin elkartasunean egindako elkarretaratzean, Landabenen etorkizuna ere izan da mintzagai. “Gure kasuan, momentuz, lasai gaude” azaldu du langile batzordeko Alfredo Moralesek, “Europatik sentsazio onak iristen zaizkigu, erosketak pizten ari direlako”. Zentzu horretan, langile batzordeak ez du zalantzarik, abuztuan, hirugarren lan txanda itzuliko dela lanera.