‘SOS kultura’ ekinbidean bildutako hainbat profesionalek protesta egingo dute ostiralean

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 9a, 09:55

Kultur arloko profesionalek elkarretaratzera deitu dute ostiralerako, 12:30ean, Iruñeko Udaletxeko plazan, Kultura gara eta arriskuan gaude lelopean.

Nafarroako kultura arloan lan egiten duten hainbat artista, enpresa, programatzaile, kudeaketa profesional, teknikari, elkarte, eskola eta kazetarik bat egin dute Kultura gara manifestuan, SOS kultura ekimenaren abrruan. Pandemiak gogor zigortu duen gremioaren etorkizuna defendatu nahi dute, “gizartea eraikitzeko eskubidea, ondarea, lana, osasuna, nortasuna, irizpidea eta oinarria baita”. Kulturaren garrantzia aldarrikatzeko eta Nafarroan lan egiten duten pertsonek dituzten zailtasunak nabarmentzeko, elkarretaratzera deitu dute ostiral honetarako, ekainaren 12a, 12:30ean, Iruñeko Udaletxeko plazan, Kultura gara eta arriskuan gaude lelopean.

Antolatzaileek maskara eta aterkia eramatea eta distantzia fisikoa mantentzea eskatu dute. Ekimena arte garaikidearen arloan sortu zen, Arte Kale Euskal Herriko kaleko arteen elkartean abiatu baitzen, baina Nafarroatik egoki ikusi dute arte diziplina guztietara zabaltzea. Mobilizazioak ordu berean egingo dituzte Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Murrizketen aurka

“Kulturan lan egiten dugunok haserre gaude, arriskuan gaude, prekarietate egoera kezkagarrian gaude, larru gorritan gaude, baina asko dugu emateko eta egin nahi dugu. Irudimena, aldakortasuna eta ebazpena bezalako baliabideekin, gure gizarte-ehuna aberasteko dinamikak sortzeko gai gara”, adierazi dute manifestuan, eta nabarmendu dute osasunaren, hezkuntzaren, bizikidetzaren, ingurumenaren eta beste arlo askoren sormenezko berrezartze-prozesuetan eragin dezaketela, baina, tamalez, murrizketa handia espero dutela kultur aurrekontuetan, oraindik ere 2008ko krisiaren ondorengoak pairatzen dituzten bitartean. 

Hala, murrizketak salatu dituzte: “Errealitatea ezagutzen dugu, bertatik eta harentzat lan egiten dugulako, eta ulertzen dugu behar asko daudela asetzeko. Murrizketek ordea, beti norabide berean joan behar al dute? Osasuna, hezkuntza, mendekotasuna, kultura... murrizketa horiek gure kultura sarearen heriotza epaia izan daitezke. Ez da murrizketen garaia, ez da zozketen garaia, etorkizun hobe bat eraikitzeko unea da, zain dugun etorkizun bat, horren erantzule gara”.

Manifestuarekin bat egiteko aukera dago esteka honetan

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!